“Ibiltaria”-k eta “Toreatzailea”-k Afrikaldiaren II. edizioan parte hartuko dute

Gaur hasi eta jaialdia amaitu arte, Vitoria-Gasteizko eskultura enblematiko hauek jatorri afrikarreko jantziak eramango dituzte

Vitoria-Gasteiz. 2022/10/01. Datorren astelehenean, urriak 3, Afrikaldiaren, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren, edizio berri bat hasiko da. Aurten, 20 proiekzio baino gehiago programatu dira hiriko hainbat espaziotan. Afrikaldia Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren eta hiriko gizarte, kultura eta ekonomia sarearen laguntzarekin aurrera ateratzen den jaialdia da.

Gaur goizean, jaialdiaren zuzendaritzak ekitaldi bat antolatu du hiriko eskultura sinbolikoenetako biri jantzi bereziak jartzeko: “Ibiltaria”-ri eta “Toreatzailea”-ri. Datozen egunetan Senegaleko eta kontinentearen zati handi bateko jantzirik tradizionalenetako batzuk jantziko dituzte.Arabako hiriburuan bizi den Elhadji Malick Ngom senegaldarrak diseinatu dio jantzia “Ibiltaria”-ri. Bi pieza ditu: thiaya, galtzak, eta simiss, kamiseta. Batez ere egun beroetan erabiltzen den jantzia da eta eguzkitik babesteko ere balio du.

Sahara Elkarteak, bestalde, bere nortasun nazionalaren parte den jantzi koloretsu bat utzi dio antolakuntzari, “Toreatzailea”-ri jartzeko. Batez ere saharauiak Marokoko janzkeratik bereizten duen pieza da, eta, aldi berean, Mauritaniako herritarren antza hartzen du.Dato kaleko Nirea Hotelak, jaialdiaren babesleetako batek, apainketa honekin bat egin du eta bere fatxada nagusian Afrikaldiaren kartela eta lagotipoa jarri ditu.

SARRERAK


Florida zinemetan programatutako filmetarako sarrerak leihatiletan bertan edo www.afrikaldia.com webgunean erosi ahal izango dira. Gala nagusietarako sarrera librea izango da aretoaren edukiera bete arte.