Afrikaldiak musika jarriko du asteburu honetan Gasteizko kaleetan
Datorren astean, urriaren 2tik 7ra, Afrikaldia ospatuko da Gasteizen, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia. Florida zinemetan ospatuko da, eta genero desberdineko filmak programatu dira, herritarren gustu guztiak asetzeko. Halaber, Euskal Herriko Unibertsitatean 4 dokumental proiektatuko dira eta hitzaldiak eta topaketak antolatu dira hiriko hainbat gunetan.
Afrikaldiako jardueretan parte hartzera animatzeko, irailaren 28, 29 eta 30ean, jaialdiarekin kolaboratzen duten Afrikako kultur elkarteek Gasteizko erdiguneko kaleetara eramango dute afrikar musika, arratsaldeko 6etatuj 9etara bitartean.
Lehenengo egunean, Afrika Miniaturan Elkarte Soziokulturalak eramango ditu erritmo afrikarrak Andre Maria Zuriaren plazara. Ostiralean eta larunbatean, Ghana Union Kultur Elkarteak eta Gasteizko El Campillo-ko Kaleko Heziketarako Udal Programako haurrek hartuko dute lekukoa. Hiru egunetan Afrikaldiaren egitaraua ere banatuko da eta informazio gune bat jarriko da plazan bertan.
Gainera, asteburu honetan, eta Arabako hiriburuan ospatuko den Erdi Aroko Merkatuan, Goian proiektuko emakumeen taldeak bere stand propioa izango du. Ramon Bajo ikastetxearen eta Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroaren artean kokatuta egongo da. Hemen, artisautza desberdinak salduko dituzte, eta bildutako dirua Marokon gertatu berri den lurrikarak gehien kaltetu dituen pertsonei emango zaie.
Afrikaldiak amaiera emango die kaleko jarduera hauei datorren astelehenean, urriak 2, jaialdiaren hasierarekin bat eginez. Goizeko lehen orduan, jaialdiaren zuzendaritzak, elkarteek eta jaialdiarekin kolaboratzen duten boluntarioek “Ibiltaria” jantziko dute, Saharako arropa tradizionalarekin.