Ellie Foumbiren “Mon pére, le diable” filmak irabazi du Afrikaldiaren III. edizioa
Epaimahaiak “Au cimetière de la pellicule” film luzea ere nabarmendu du aipamen berezi batekin eta “All the Colours of the World Are Between Black and White” filmak soinu banda onenaren saria irabazi du
Vitoria-Gasteiz. 2023/10/7. Afrikaldiak, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak, amaiera eman dio III. edizioari Europa Biltzar Jauregian ospatu den Itxiera Galarekin. 300 pertsona baino gehiago bildu dituen zeremonian, jaialdi hau posible egiten duten elkarteen, erakundeen eta babesleen lankidetza nabarmendu dute jaialdiaren zuzendariek.
Paul Urkijo zuzendariak, Mariette Monpierre zinemagileak eta AfroQueer aktibista Paloma Etiennek osatutako epaimahaiak sail ofizialeko 12 tituluetatik onena hautatzeko ardura konplexua izan dute. Epaimahaiak aho batez erabaki du aurtengo film onenaren saria Ellie Foumbik zuzendutako “Mon pére, le diable” filmari ematea. Hoteles Vitoriak, epaimahaiaren sariaren babesleak, kamerungo zuzendariari entregatu dio saria.
“Istorio borobila da, Afrikako diasporan kokatzen den thriller bat, kontinenteko kontzeptuak oso ondo sartzen dituena. Hasieratik tentsioan jartzeko gai izan da pelikula”, nabarmendu du epaimahaiak.
Sari honen barruan, eta film guztien maila altua ikusita, epaimahaiak aipamen berezia eskaini nahi izan dio Thierno Souleymane Diallori eta bere “Au cimetière de la pellicule” lanari, metazinearen balioak Afrikan transmititzeko erakutsi duen gaitasunagatik.
Epaimahaiko hiru kideek soinu-banda onena ere aukeratu dute, aurten Babatunde Apalowok eta bere “All the Colours of the World Are Between Black and White”-k irabazi duena. “Musikak eta soinuak istorioaren narrazioa eta balioak ulertzen laguntzen digu”, arrazoitu du epaimahaiak. Saria, kasu honetan, Bertako Igogailuak entregatu du.
Azkenik, ikusleen saria “Juwaa” filmarentzat izan da, Nganji Mutiri kongoarraren zuzendaritzapean. Luisa Buenavidak, Afrikaldiako ikuslerik fideletariko batek, eskaini dio Saria Nganjiri.
Amaiera ekitaldian, Afrikaldiaren zuzendaritzak jaialdiaren jardueretan parte hartu eta lagundu duten pertsona guztien konpromisoa nabarmendu du. Halaber, eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari, Gasteizko Udalari eta Vital Fundazioari.