1.100 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten Afrikaldian
Afrikaldiak, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak, III. edizioa ospatu zuen urriaren 2tik 7ra, Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren lankidetzarekin, eta hiriko hainbat erakunde pribaturen eta elkarte afrikarraren parte-hartzearekin. Aste honetan, Afrikaldiak aise gainditu ditu bere aurreikuspenak: 1.114 ikusle bildu ditu, 2022an baino %15 gehiago eta lehen urtean lortutako ikusle kopurua hirukoiztu du.
III. edizio honetan, Florida zinemetan sail ofizialerako programatutako filmak izan ziren berriz ere jardueren programaren gune nagusia. 450 lagunek parte hartu zuten 12 pelikuletan eta zuzendariekin izandako solasaldietan. Aipamena merezi dute euskarazko azpitituluak dituzten filmek, joan den urteko ikusle kopurua hirukoiztu da.
UPV/EHUren Arabako Campusarekiko lankidetzaren datuek agerian utzi dute ikasleek zinema kritiko eta desberdin batekin duten interesa. Afrikaldiak antolatutako 6 jardueretara 230 ikasle joan ziren, iazko kopurua bikoiztuz.
Aurten, nobedade gisa, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak Geu Afrikarrok taldearekin kolaborazio bat adostu zuen, eta “Humanidad africana” dokumentala Arabako herritarrei hurbildu zien jaialdia hasi aurretik. Proiekzio honek 80 pertsona baino gehiago bildu zituen Florida zinemetan.
Afrikaldiaren III. edizio honetan lortutako datuek erakusten dute jaialdiak etengabeko hazkundea izan duela 2021ean sortu zenetik. Pixkanaka, Afrikaldia ekitaldi ospetsu gisa sendotzen ari da Gasteizko agenda sozial eta kulturalean. Gainera, datozen hilabeteetan Afrikaldia Arabako lurralde historikoko kuadrilletara hurbilduko da. Datorren urtean, Afrikaldiak IV. edizioa ospatuko du, nortasun propioa duen jaialdi batek Euskadiko hiriburuan harrera bikaina izan dezakeela sinetsita.