Maria Cruickshank: “Afrikaldia maite dut Afrikari buruzko ikuspegia aldatzen saiatzen delako eta kontinenteko kultura desberdinei hurbiltzen gaituelako”
Afrikaldia, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak, ohi bezala, Inaugurazio Gala bat ospatuko du laugarren edizio honi hasiera emateko. Azaroaren 4an izango da, Europa Biltzar Jauregian, 19:00etan, eta Maria Cruickshank (Oñati, 1989) euskal aktorea izango da ekitaldiaren aurkezlea.
Cruickshan-k Oñatin jaioa, baina jatorri karibearra du. Hainbat urtez “Goenkale” telesail ezagunean “Itxaso” pertsonaiari bizia eman zion. Borja Cobeagarekin aritu da zineman “Negociador” filmean eta Vis a Vis bezalako telesailetan parte hartu du ere. Aktore lanarekin batera, aurkezle lana uztartu du hainbat ekitaldi desberdinetan, baita telebistan ere. Orain, Afrikaldiaren edizio berri honi hasiera emateko erronka heldu zaio.
Aurten Afrikaldiako galak zuzenduko dituzu, kontinente baten gainean gizarteak duen ikuspegia aldatzea helburu duen jaialdi bat. Ze garrantzia ematen diozu?
Berezia da niretzat, maitasun eta ilusio handiz hartzen dut. Gizarteak kontinenteari buruz duen ikuspegia aldatzea da helburua, informazioa falta zaigu eta zabaltzen den desitxuratuta dago. Asko gustatzen zait jaialdi hau, ikuspegi hori aldatzen saiatzen baita eta kontinenteko kultura desberdinei hurbiltzen gaituelako. Zorte handia dugu Afrikaldia hain gertu dugulako. Jaialdia aurrera doala eta urteak betetzen dituela ikustea zoragarria da.
Egun gutxi barru programazio ofiziala aurkeztuko dugu. Filmez gain, Afrikaldiak hainbat jarduera antolatzen ditu unibertsitatean, profesionalen arteko topaketak edo kolektibo ahulenetara hurbiltzen saiatzen da. Kanpotik ikusita zer iruditzen zaizu Afrikaldia?
Oso aberasgarria da jaialdiak ikasleengana eta kolektibo ahulenengana hurbiltzea. Afrikaldian murgiltzean ikusi dut helburu bakarra ez dela filmak programatzea, askoz urrunago doa. Oso polita da gazteengana hurbiltzea, jaialdiaren zuzendaritzak lan dotorea egin duela begi bistan dago. Afrikaldiak erronka ugari ditu, eta, batez ere, aldaketak beldurrik gabe hartzen ditu. Oso irudi indartsua dut jaialdiaz.
Afrikaldia ere berezia da Afrikako zinemetan bakarrik zentratzen delako. Esperientziarik izan al duzu aktore eta zuzendari afrikarrekin?
Afrikako aktoreekin lan egiteko aukera izan dut urteetan zehar baina zuzendariekin ez. Bai, profesionalak daude sektorean, baina oso aukera gutxi dituzte. Nigan eta nire lagunengan ikusten dut, oso arraroa da lan batean batera gertatzea. Ikus-entzunezko errealitatea ez da kalean ikusten duguna, zurien zinemara ohituta gaude. Diasporako belaunaldi asko erabat integratuta daude hemen eta egoera hau ez da pantailetara eraman oraindik.
Ez da gala bat aurkezten duzun lehen aldia, baina Afrikaldiarekin lehen esperientzia izango da. Desberdina izango da?
Oso polita da ekitaldiak aurkeztea, ingurunearekin enpatizatzen duzu. Kasu honetan, Afrikaldia zer den ikasteko gogoz noa. Festibalaren parte nizela sentitu nahi dut, aberastu egiten nau, gozatzeko gura handia dut. Gala aurkezteko gogo handia dut, ni ere Afrikaldiara laguntzaile gisa joango nintzatekeelako. Niretzat opari bat da Afrikaldiaren parte izatea
Oraindik aste batzuk falta dira Inaugurazio Galarako, ziur buelta asko emango dizkiozula zure eginkizunari. Nola imajinatzen duzu?
Ez dut ezer aurreratu nahi, baina oso giro beroa eta familiarra ikusten dut. Zinemaldiko zuzendaritzarekin izan ditudan harremanetan oso eroso eta erlaxatuta sentitu naiz, eta oso hurbiltasun handia izan dut.
Aurten, berritasun gisa, Galaren gidariak, Maria Cruickshankek, jantzi afrikar dotore bat jantziko du, Ker Fatouko gure lagunen laguntzari esker.