Afrikaldiaren IV. edizioak 21 emanaldi eskainiko ditu Gasteizen
Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren, Afrikaldiaren, laugarren edizioa Vitoria-Gasteizen egingo da azaroaren 4tik 11ra bitarte. Bertan, 21 film eta dokumental proiektatu eta jarduerak antolatuko dituzte. Hitzordua Kultura Bendera eta Africanista Manuel Iradier elkarteek antolatu dute eta Arabako hiriburuan bizi diren afrikarren hamabost kolektibok hartuko dute parte.
Gaur ezagutarazi dituzte aurtengo edizioaren xehetasunak prentsaurreko bidez eta bertan izan dira honako hauek: Garapenerako Lankidetza zinegotzia, Ana López de Uralde; Vital Fundazioko zuzendaria, Arantxa Ibañez de Opacua; eta jaialdiaren zuzendaria, Itziar Inza Moraza.
López de Uraldek Garapenerako Lankidetzaren udal-zerbitzuak jaialdi horrekiko duen konpromisoa nabarmendu du. Izan ere, bere hitzetan, “laugarren edizio honetan ere, agerian geratu da hitzordu kulturala eta zinematografikoa dela. Filmen, dokumentalen eta jardueren bidez, Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna gerturatuko dizkigute, gurearekin elkartzeko topaguneak eta aliantzak bilatuz. Horri esker, Afrikari buruzko gure ikuspegia zabaldu eta bertako ekoizpen zinematografikoari balioa eman ahal izango diogu”.
Bestalde, Afrikaldia egitasmoko zuzendarikide Itziar Inzak nabarmendu duenez, “aurten ahalegin handia egin dugu eta Euskadira Estatu mailako 9 estreinaldi ekartzea lortu dugu. Horiei esker, gure hiria industria zinematografikoaren erdigunean kokatuko da eta horrek agerian uzten du jaialdi honek izaera berritzailea eta aitzindaria dituela”.
Proiekzioak
21 emaldietatik, 12 atal ofizialean lehiatuko duten 12 proiekzioak (9 film narratibo eta 3 dokumental) Florida zinema-aretoetan egongo dira ikusgai. Besteak Arabako EHUn, Arte eta Ofizioen Eskolan, ID-Arte Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Eskolan eta Mendizabalako Ikus-entzunezkoen Institutuan egingo diren jarduera osagarrietan izango dira ikusgai. Azken edizioak izandako arrakastaren ostean, aurten, gainera, ikus-entzunezko sektoreko profesionalen arteko topaketak egingo dira Montehermoso Kulturunean, eta Kale Heziketako Udal Programarekin batera egingo da lan.
Jaialdiak iraungo duen aste horretan, Afrikako eta haren diasporako 16 herrialde bilduko dira hainbat jardueraren bidez: Madagaskar, Libia, Kenya, Nigeria, Senegal, Mozambike edo Ginea Bissau, besteak beste. Aurten, gainera, Kamerunek berriro ere protagonismo berezia izango du hango emakumeek fikzioarekin lotuta egindako lana omenduz eta aitortuz. Hala, hango hainbat lan egongo dira ikusgai Gasteizen eta horietako bat izango da ‘Mambar Pierrete’.
Inaugurazio-ekitaldia azaroaren 4an, astelehenean, izango da Europa Biltzar Jauregian eta 2022an Shamira Raphaëlak zuzendutako ‘Shabu’ filma eskainiko dute. Lan horrek Rotterdamen bizi den musikari gazte baten bizitza arakatzen du. Amaiera-jaia toki berean egingo da azaroaren 11n, astelehenean, eta bertan banatuko dituzte epaimahaiaren, soinu-banda onenaren eta publikoaren sariak. Sarrera librea izango da tokia bete arte.
Afrikaldiaren laugarren edizioko epaimahaia honako hauek osatuko dute: Jorge Guerricaechevarria, gidoilari espainiarra eta Goya sari baten irabazlea; Assari Bibang aktore entzutetsua, Ekuatore Ginean jaioa; eta Amal Ramsis, zuzendari eta zinema-gidoilari egiptoarra.