Afrika Bibang artistak Afrikaldiaren Inaugurazio Gala aurkeztuko du
Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia datorren astelehenean hasiko da Europa Biltzar Jauregian “Sound of Berberia” pelikularekin
Vitoria-Gasteiz. 2023/09/25. Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu Auditorioa izango da Afrikaldiaren, Afrikar Zinemen Euskal Jaiadiaren, inaugurazio eszenatokia. Urriaren 2tik 7ra bitartean, Gasteizen eta Araban 19 proiekzio izango dira jaialdiaren atal desberdinetan.
Afrika Bibang (Algorta, 1975) artistak jarriko du abian edizio berri hau, 19:00etan hasiko den gala batekin. Ikusleentzako sarrera librea izango da auditorioa bete arte. “Ilusio handia egin dit Afrikako kulturak ezagutzera ematen dituen euskal jaialdi batek nigan pentsatu izana. Erronka handia dut aurretik”, adierazi du Bibangek.
Afrika Bibang euskaraz abestu duen lehen artista beltza izateagatik nabarmendu zen Euskal Herrian. Bere 30 urteko ibilbide musikalean, Fermin Muguruzarekin elkarlanean egon da, Etsaiak taldearen kidea izan da, baita Calima talde flamenkoaren abeslaria ere. EITBko “Esta es una noche de rock & roll” saioa ere aurkeztu du.
Tarik El Idrissi marokoarrak zuzendutako eta penintsulan estreinatuko den “Sound of Berberia” pelikulak abian jarriko du afrikar zinemen astea Gasteizen. Amazigh soinuaren bila Afrikako iparraldean barrena dabiltzan bi musikari marokoarren inguruko road movie musikala da.
Proiekzioaren ondoren, Europar Jauregira hurbiltzen direnak filmaren zuzendariarekin solasaldi bat partekatzeko aukera izango dute. Afrikaldiako epaimahaikideek, Paul Urkijo, Paloma Etienne eta Mariette Monpierre parte hartuko dute ere.
Afrikaldiatik gasteiztar eta arabar guztiak animatzen ditugu jaialdiko proiekzioetan eta jardueratan parte hartzera. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiari, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari, Vital Fundazioari eta babesle pribatuei.