“Six pieds sur terre” pelikulak irabazi du Afrikaldiaren IV. edizioko film onenaren saria
“The Brink of Dreams” filmak soinu-banda onenaren saria jaso du eta epaimahaiak “Le Spectre de Boko Haram” dokumentala nabarmendu du aurtengo edizioan
Vitoria-Gasteiz. 2024/11/11. Afrikaldiak, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak, Europa Biltzar Jauregian bukaera eman dio festibalaren edizio arrakastatsuenari ekitaldi entretenigarri batekin. Maria Cruikshank aktoreak gidatutako Galan jaialdiaren sariak banatu dira jaialdiaren erakunde, babesle eta kolaboratzaileen parte hartzearekin.
Afrikaldiaren sail ofiziala osatu duten 12 pelikulak ikusi, aztertu eta eztabaidatu ondoren,
Jorge Guerricaecheverriak, Asaari Bibangek eta Amal Ramsisek osatutako epaimahaiak IV. edizio honen film onenaren saria Karim Bensalahek zuzendutako “Six pieds sur terre” filmari ematea erabaki du. Saria Ouliad Bahak, pelikularen produktoreak, jaso du EITB Taldearen eskutik, aurtengo epaimahaiaren sariaren babeslea.
“Nortasun kulturaleko gatazka bat estereotipoetan sartu gabe eta aldi berean ikuspegi unibertsala emanez jorratzeko orduan duen ikuspuntuaren originaltasuna” nabarmendu du epaimahaiak ospatutako galan.
Azken edizioan bezala, epaimahaiak aipamen berezi bat eskaini nahi izan du. Urte honetan, Cyrielle Raingouk zuzendutako “Le Spectre de Boko Haram” dokumentalari, herri baten egunerokotasunean oinarrituta gatazka armatua islatzea lortu duelako.
Ascensores Bertakok emandako soinu-banda onenaren saria “The Brink of Dreams” Ayman El Amirrek eta Nada Riyadhek zuzendutako dokumentalarentzat izan da. Epaimahaiak “protagonisten adierazpenak abestien bitartez kontatzeko kapazitateari” garrantzia handia eman nahi izan dio.
Azkenik, Afrikaldiaren publikoaren saria, Ascensores Bertakok ere banatu duena, Sudanen jaiotako Mohamed Kordofaniren “Goodbye Julia” filmarentzat izan da.
Azken egun honetan, Afrikaldiaren zuzendaritzak festibalaren lehenengo ediziotik elkarlanean aritu diren 15 elkarte afrikarren lan nekaezina nabarmendu du. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren babesa eskertu du, baita gainerako laguntzaile pribatuena ere.